INFORMAZIOA

Portugalete hiria Maria Diaz Haroko Bizkaiko Andre Nagusiak fundatu zuen 1322an. Aurrean ere, dena den, bazegoen herrixka bat, garaiko agiriek diotenez. Itsas langileen herrixka zen, portu naturalaren babesean bildurik. Maria andreak herri-gutuna izenpetu eta eman zion Portugaleteri. Herrrigutun horren bidez eman zitzaizkien portugaletetarrei merkataritza eta salgaien garraioaren gaineko onura batzuk, gehienbat artile, burdina eta arrantzaren gainean.

Portugaleteren garapen ekonomiko handiena XIV. eta XV. mendeetan gertatu zen. XVI. mendetik aurrera, berriz, apurkaapurka galdu zuen itsasadarraren gaineko monopolioa, Bilboko portuak kenduta. Horren ondorioz, Portugalete salgaien zama-lanetarako portu bilakatu zen.

XIX. mendean berriro egin zen garrantzitsu hiria. Kostaldean egonik eta hondartza eta bainuetxea zituenez gero, burges berriek, eta erregeerreginen senideko batzuek ere, udaleku hartu zuten eta hainbat jauregi eraiki zituzten itsasadarraren ertzean. Horrekin batera, Zubi Esekia egin zuten, eta burdin kaia eta Bilbotik zetorren trenbidea ere bai.
XX. mendean Portugalete Ezkerraldeko gune nagusietako bat, merkataritza herria eta aisia ematekoa izan da.

Aspaldian mahastiak zeuden Portugaleten eta mahastietatik txakolina egiten zen, eskualde honetako ardo tipikoa, alegia. Ohituraren arabera, txakolina lokatzezko pitxar txikietan (jarrilla izenekoetan) edaten zenez gero, Portugaleteri hiri jarrilleroa esan zitzaion eta jarrilleroak, halaber, portugaletetarrei.